Ibilaldiak

Ibilaldiak 

5 ibilbidea. Natura eta erlijioa

Garai batean burdin mea erauzten zen mendietara abiatuko gara, meatzari-familia saiatuak lan egiteko eta jaiak ospatzeko elkartzen ziren lekura. Meatzeen artetik sigisaga doan bide zahar bat hartuta, Urallaga auzorantz joango gara, haritz, elorri beltz, eukalipto eta pinu artean. Ur-araztegi berri eta koloretsuaren aldamenetik igaroko gara, Escarpada auzoan meatzarien antzinako bizitegi bi alboan utzita: lehena makal baten gerizpean dago eta Carballa izeneko taberna izan zen garai batean; bigarrena lehengo kooperatibaren eraikina da eta egoera zeharo penagarrian dago.

Urallaga auzoa atzean utzita, haritzez eta ametzez osatutako basotxo batean barrena doan bide-zidor batetik, Magdalena haitzulora helduko gara. Bertan gaudela, lurraren errai sakonetara daraman aho izugarria ikusiko dugu gure aurrean zabal-zabalik.

Atxuriaga parketik ere abiatu ahal gara, La Galdames trenbidearen hasieran.

  • Atxuriaga auzoa (1)
  • Urallaga auzoa (2)
  • Magdalena haitzulo-meatzea (3)

LEKU INTERESGARRIAK

Atxuriaga auzoa
Etxeak karez zurituta dauzkan aspaldiko meatzari-auzoa. Auzoaren ondoan, Tardía eta Berango meatzeen hondakinak eta urmaela dauden tokian, aisialdirako leku zabala egin dute, aintzira ederrekin (Atxuriaga parkea). Haritz gorriaren, astigar zorrotzaren eta lizarraren ale ugari landatu dituzte inguru guztian. Gainera, aparkalekua, taberna, erretokiak, mahaiak eta iturriak daude.

Urallaga auzoa
Uztailean Magdalena eguneko erromeria bertan egiten delako ezaguna. Antzina, meatzaritzaren gainbehera hasi zen arte, taberna eduki zuen. Ardoa amaitzen zenean, izara zuri bat hartu eta zuhaitz biren artean zabaltzen zuten, Pico Moro eta La Cerca mendien oinean San Pedrotik San Estebanerako errepidean zegoen alondegitik ikus zezaten. Seinalea ikusita, ardoa mandoetan edo idi-organ zamatu eta haraino igotzen zuten.

Magdalena haitzulo-meatzea
Haitzuloaren ahotik isurtzen den Eskatxabletza errekastoaren hotsak lagundurik, Mendebalderantz irekitako haitzulo ikaragarri hori ikus dezakegu. Barruan Andra Maria Magdalenaren baseliza dago. Ahoa 33 metro zabal eta 15 metro inguru garai da. Sasoi batean, minerala erauzten zuten haitzulo barruan (Pepita meatzea), eta La Galdames trenbideraino garraiatzen zuten, haitzuloaren ahoan bertan hasten zen plano inklinatu batetik. 1966an, Bizkaiko Espeleologia Taldeak Historiaurreko aztarnategia aurkitu zuen bertan. Lekuaren magiak bisita merezi du.

Ibilaldiak