Baliabideak

Industriako Arkitektura 

Galdamesko ezaugarri nagusietako bat XIX. mendearen amaieran inguru haietan lanean hasi ziren meatzaritzako ustialekuak dira, eta ondareak horren eragina jaso du, nahiz eta industria iraultzaren aurreko industria-jardueraren aztarnak geratzen diren.

Valdivian burdinola eta errota gertaera haren adibideak dira. Burdinolatik hormen zati bat, antepara, ubidea eta presa baino ez dira geratzen. Errota oso egoera onean eta funtzionamenduan dago; burdinolari atxikita dago eta berorren azpiegitura erabiltzen du, elementu berdinak erabiltzen dituztelako. Harlangaitzezko eraikina da, bi isurkikoa, eta ganga-formako eta bao bakarreko estola du. Ziur aski Behe Erdi Aroan burdinola jardunean zegoen.

La Olla burdinola geroagokoa da, XVIII. mendearen hasierakoa. Instalazio gehienak kontserbatzen ditu eta nahiko handia da; izan ere, langileen bizitegia izandakoa, besteak beste, gordetzen du oraindik. Horretaz gain, presa zuzena, ubidea, antepara, uhate batzuk eta bi begiko erdi-puntuko estola dauzka.

Esan dugun moduan, meatzaritza zen herrian jarduera nagusia eta horren arrasto garrantzitsuak gaur egun arte iritsi dira. Ardatza Galdames-Sestao meatzaritzako trenbidea da, eta hortik abiatuta, meatzaritzarekin zerikusia zuten jardueren aztarnak daude sakabanatuta. Minerala kargatzeko toki batzuk daude, kargamentua meatzetik trenbidera garraiatzeko erabiltzen zirenak; minerala gordetzeko biltegiak, mineral-garbitokien aztarnak… Trenbidean nabarmentzen da haranaren desnibela zeharkatzen zuen La Aceria zubia: harlanduzkoa, erdi-puntuko lau begi, euskarri piramidalak hiru sekziotan bereizten dira inposta lauaren bidez eta izkinakoetan eta arkuetako dobeletan kuxindurak daude. Geltoki batzuek zutik diraute: El Cerco (etxola bat geratzen da) eta Vallejas ere (ikusi) egoera onean dago.