Baliabideak

Martinez de las Rivas monumentua 

Etxebizitza kultuen artean, eraikin ospetsu gutxi geratu zaizkigu; hala ere, eraikin askotan badaude elementu adierazgarriak.

Akendibar jauregia, Errenazimendukoa, etxebizitza noble eta herrikoiaren artean kokatu beharko genuke; hala ere, arku eskartzanoko sarreraren alde bietan dauden armarri biek ospea ematen diote. Gainontzekoan, baserri errenazentisten ezaugarriak ditu.

Landa-inguruneko jauregitxo barrokoa da ugariena eta guztietatik Soleguia jauregia nabarmentzen da Txabarri auzoan. Fatxada nagusiko armarriak eraiki zeneko data adierazten du eta Loizaga, Garay, Del Campo eta Castillo familien arma-ikurrak, besteak beste, ageri dira. Jauregiaren soiltasunagatik eta denboraren poderioz nekazaritzako etxe bihurtuta geratu da.

Larrea jauregiak antzeko ezaugarriak ditu auzo horretan, baina azken hau egoera onean dago.

XIX. mendean Guardia Zibilaren kuartela izateagatik Llanoko kuartel etxea izenez ezagutzen denak, ezaugarri berdinak ditu, baina geroago erantsitakoak direla eta, ardatzen simetria galdu du.

Aipamen berezia merezi du Zubiagako Sarachaga jauregiak, udalerriko bizitegi-eraikin guztietako garrantzitsuena. Formetan ez da batere originala, eredu hori Bizkai osoan errepikatzen delako, baina deigarria da landa-inguruneko eraikinak ugari diren eremuan. Garaikidea, eklektikoa eta estiloen pizgarria da; jauregi barroko kultuaren formak kopiatzen ditu, eta elementuak gehituz aberastu egiten du.

Golluri etxea ziur aski herriko etxerik zaharrena da. XV. mendeko amaierakoa da eta aro horretako eskemekin bat egiten du hermetismo handiz. Aipagarria da sarrerako arkua. Txabarrin Llano etxea dago, errenazentista, baina sarrerak daukan patinak altuera ematen dio. Los Cotarros 27 zk.koa ere antzekoa da baina ez hain altua. Montellano 7 zk.koa ere aipatu beharra dago, Enkarterriko baserria izeneko motaren eredu bakarra delako.

Arkitektura publikoa eta zerbitzuetakoak ez dauka eraikin asko, eta San Pedro plazako Udaletxea da aipagarriena. Eraikin neoklasikoa da, XX. mende hasieran eraikia, meatzaritzari esker garai hartako ekonomia oparoaren ondorioz. Inguruko eraikinetatik nabarmentzen zen. Gainera, badaude hiru monumentu Bizkaiko historian garrantzia duten eta Galdamesen jaio ziren bi pertsonaiaren oroimenez. Lehenengoa José María Martínez de las Rivasen monumentua da, San Pedro plazan, eta auzo horretan badago iturri bat beraren omenez. Bigarrena Antonio Truebaren ohorezko monumentua da Montellanon, jaio zen etxetik hurbil.