Albisteak

 
Galdamesek herritarrak bilduko ditu berriro kafe bat hartzeko Ekimenaren harrera onari esker, asteroko topaketak luzatu egin dira Galdameseko Udalak, Enkarterrialde landa-garapenerako elkartearen eta BBK Fundazioaren bitartez, abian jarri du berriro ere “Kafe bat partekatu nahi?” ekimena Gabonetako oporren ostean, aurreko urtean hasi zen proiektuak parte-hartzaileen artean izan duen arrakasta dela eta. Gaur arte, dozena bat emakume inplikatu dira jardueran: astean behin biltzen dira elkarrizketak, interes komunak, arazoak edo ametsak partekatzeko. Proiektuaren bigarren zatia dinamika berarekin hasiko da urtarrilaren 28an, eta ekimenean parte hartu nahi duten pertsona guztiak bilduko dira, bai dagoeneko parte hartu dutenak, bai lehen aldiz egin nahi dutenak. Asteartero, Zuentzat enpresa arduratuko da bi orduko topaketak dinamizatzeaz, goizeko 10:30etik eguerdiko 12:30era. Denbora-tarte horretan, aurreko hiletan bezala, memoria landuko da, jarduera edo irteerak antolatuko dira edo hitzaldiak emango dira parte-hartzaileen premien arabera. Topaketak Gaztetxokoaren lokalean izango dira, San Pedro auzoan, aurreko urtean bezala. 2019an, parte-hartzaileek hainbat jarduera egin zituzten, hala nola Zallako azokara joatea, Euskal Herriko Meatzaritza Museoa bisitatzea, udalerritik paseatzea edo bizitza-testamentuaren inguruko hitzaldi batera joatea. Galdameseko adinekoei zuzendutako proiektu honen helburua gure auzoetako bizilagunak biltzea da, Galdames banatuta baitago, eta auzoak urrun baitaude elkarrengandik. Horren ondorioz, antolakuntzak doako garraio-zerbitzua eskainiko du, parte-hartzaileak topaketetara eramateko. Antolakuntzaren helburua aurreko urteko parte-hartzaile berdinak biltzea da; hala ere, ekimenak izan duen harrera ona dela eta, “Kafe bat partekatu nahi?” proiektuaren parte izan nahi duten biztanle gehiago erakartzea espero da. Horretarako, izena emateko epe bat zabaldu da, urtarrilaren 28an hasi aurretik, honako telefonoetara deituta: 944 16 70 23 / 656 73 84 67.