Albisteak

 
Galdamesko Udalak "Udaberria Euskaraz" programaren edizio berrian izena emateko epea ireki du; apirilaren 14an hasiko da. Galdamesko Udalaren Kultur Gelak martxoaren 5ean ireki du "Udaberria Euskaraz" programan izena emateko epea. Euskarazko kultura- eta aisialdi-jardueren programa honetan parte hartu nahi duten haurrek martxoaren 14 baino lehen eman behar dute izena, betiere erroldatuta badaude. Leku kopurua mugatua da; hortaz, erroldatuta ez daudenak martxoaren 16ean eman ahal izango dute izena, baldin eta plaza hutsak badaude. Hartara, lehentasuna izango dute Galdamesen bizi direnek. "Udaberria Euskaraz" apirilaren 14an hasiko da, eta ekainaren 9n amaituko da. Jarduera berezi ugari, tailerrak eta ludoteka antolatu dira 3 eta 12 urte bitarteko aurrentzat, eta, horri esker, kulturaz gozatu ahal izango dute giro euskaldun batean. Galdamesko Udaleko Kultur Gelak antolatu du kanpaina, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Zerbitzuarekin eta Aisilan Kultur Elkartearekin elkarlanean. "Udaberria Euskaraz" programak ludoteka bat eskainiko du 2012 eta 2015 bitartean jaiotakoentzat, eta tailerrak eskainiko ditu 2006 eta 2012 bitartean jaiotakoentzat. Jarduera horiek 17:30etik 19:30ak arte egingo dira apirilaren 14an, 21an eta 28ean, maiatzaren 5an, 12ean, 19an eta 26an eta ekainak 2an eta 9an. Udaleko Kultur Gelak beste jarduera berezi batzuk ere prestatu ditu; esaterako, Zuhaitz Eguna, martxoaren 25an (igandea); haurrentzako ipuin kontaketa, apirilaren 3an; kultur irteera, Astigarraga bisitatzera. Udalak antolatzen dituen jarduera guztiak aisialdiko begirale euskaldunek ikuskatzen dituzte, eta tailerretan hainbat jolas eta jarduera ludiko egingo dira, udalerriko haurrek aisialdiaz euskaraz goza dezaten. Informazio gehiago nahi izanez gero, jar zaitezte harremanetan Galdamesko Kultur Gelarekin, 94 610 49 30 telefono-zenbakira deituta edo kultura@galdames.org helbide elektronikora idatzita. "Udaberria Euskaraz" programa abian jarriko da Galdames udalerriko haurrei kultura eta, batik bat, euskara helarazteko helburuarekin. Programak ekainera bitartean iraungo du, jarduera ugari eskainiko ditu, eta bat egingo du "Uda Euskaraz" programarekin. Galdameseko Udalak haur guztiak gonbidatu nahi ditu kultur eskaintza honetan parte hartzera eta euskara ikastetxetik at ateratzera.