Albisteak

 
Galdamesko Udalak "Udaberria Euskaraz" programaren edizio berrian izena emateko epea ireki du; apirilaren 9an hasiko da. Galdamesko Udalaren Kultur Gelak martxoaren 1ean ireki du "Udaberria Euskaraz" programan izena emateko epea. Euskarazko kultura- eta aisialdi-jardueren programa honetan parte hartu nahi duten haurrek martxoaren 11 baino lehen eman behar dute izena, betiere erroldatuta badaude. Leku kopurua mugatua da; hortaz, erroldatuta ez daudenak martxoaren 15ean eman ahal izango dute izena, baldin eta plaza hutsak badaude. Hartara, lehentasuna izango dute Galdamesen bizi direnek. "Udaberria Euskaraz" apirilaren 9an hasiko da, eta ekainaren 11n amaituko da. Jarduera berezi ugari, tailerrak eta ludoteka antolatu dira 3 eta 11 urte bitarteko aurrentzat, eta, horri esker, kulturaz gozatu ahal izango dute giro euskaldun batean. Galdamesko Udaleko Kultur Gelak antolatu du kanpaina, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Zerbitzuarekin eta Aisilan Kultur Elkartearekin elkarlanean. "Udaberria Euskaraz" programak ludoteka bat eskainiko du 2010 eta 2013 bitartean jaiotakoentzat, eta tailerrak eskainiko ditu 2005 eta 2010 bitartean jaiotakoentzat. Jarduera horiek 17:30etik 19:30ak arte egingo dira apirilaren 9an, 16an eta 30ean eta maiatzaren 7an, 21ean eta 28an. Udaleko Kultur Gelak beste jarduera berezi batzuk ere prestatu ditu; esaterako, Zuhaitz Eguna, martxoaren 13an (igandea); haurrentzako antzerkia, apirilaren 23an, Liburuaren Eguna dela eta; kultur irteera adin guztietako jendearentzat, maiatzaren 14an, Astigarragako Sagardoaren Museora eta Pasaiako Itsas Kultur Faktoriara, eta magia-ikuskizun bat Asier Kidamen eskutik, ekainaren 11n. Gipuzkoara egingo den irteera (haurrentzat, gazteentzat eta familientzat) doan izango da "Udaberria Euskaraz" ekimenean parte hartzen dutenentzat eta Udalaren Gaztetxokoko erabiltzaile direnentzat. Erroldatutako pertsonek 5 euro ordaindu beharko dute, eta erroldatuta ez daudenek, hamar euro. 8 urte baino gutxiago dituzten haurrek adinez nagusia den pertsona batekin joan beharko dute. Udalak antolatzen dituen jarduera guztiak aisialdiko begirale euskaldunek ikuskatzen dituzte, eta tailerretan hainbat jolas eta jarduera ludiko egingo dira, udalerriko haurrek aisialdiaz euskaraz goza dezaten. Informazio gehiago nahi izanez gero, jar zaitezte harremanetan Galdamesko Kultur Gelarekin, 94 610 49 30 telefono-zenbakira deituta edo kultura@galdames.org helbide elektronikora idatzita. "Udaberria Euskaraz" programa abian jarriko da Galdames udalerriko haurrei kultura eta, batik bat, euskara helarazteko helburuarekin. Programak ekainera bitartean iraungo du, jarduera ugari eskainiko ditu, eta bat egingo du "Uda Euskaraz" programarekin. Galdameseko Udalak haur guztiak gonbidatu nahi ditu kultur eskaintza honetan parte hartzera eta euskara ikastetxetik at ateratzera.