Albisteak

Uda Euskaraz 

Udarekin batera, hemen ditugu oporrak, beroa eta eguraldi ona. Horrek guztiak kalera irtetera eta uda garaitik kanpo egiten ez ditugun ekintzez gozatzera animatzen gaitu. Txikienak eta gazteenak dira, hain zuzen, udan gehien gozatzen dutenak; izan ere, ikasturte luzearen ondoren, egunean zehar zer egin planifikatzeko aukera dute eta, horrela, egunero ondo pasatzeko uneak programatu ditzakete.

Urtaro berriarekin batera datorkigun ikuspuntu hori kontuan izanik eta jakinik zerbait ondo ateratzen denean ez dela komeni aldatzea, Galdamesko Udalaren Kultur Gelak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuarekin lankidetzan, berriro eskainiko du Uda Euskaraz.
Ez dira udalekuak, ezta beste hizkuntza batean egiten diren ikastaroak ere; Uda Euskaraz ekimenean, euskaraz dibertitzeko, jolasteko eta ondo pasatzeko gogoa elkartzen dira.
Hori dela eta, Udaberria Euskaraz-i oraindik agur esan gabe, Galdamesko Udalak dagoeneko zabaldu du izena emateko epea. Bada, jolasarekin hitzordua egin nahi duten Galdamesko ume eta gazteek, aukera izango dute uztaileko lehen hamabostaldia elkarrekin bizi eta mota guztietako ekintzak egiteko.

Ausartuko zinateke kanoan jaistera? Joango zinateke bost egunez zure lagunekin Astitzera (Nafarroara)? Eta gai izango zinateke zaldi gainean ibiltzeko, eskalatzeko edo piraguan ibiltzeko? Horrek guztiak, hainbat txango eta irteerekin batera (besteak beste, Zestoako Ekainberri haitzuloa eta Euskadiko Biodibertsitate Zentroa – Madariaga Dorretxera), osatzen du 2012ko Uda Euskaraz-en egitaraua.

2tik 16 urte bitartean badituzu, ondo pasatzeko gogoz bazatoz eta ziur bazaude euskara izango dela uztailaren lehen hamabostaldian Uda Euskaraz-en elkarrekin hitz egiteko erabiliko dugun hizkuntza, ez duzu parte hartzeko besterik behar.

Oraindik edizio honetan izena emateko garaiz zabiltza, epea maiatzaren 28an amaituko da eta. Gainera, hala nahi baduzu, posible izango da gure udalerrian erroldatuta ez dagoen norbaitekin parte hartzea; maiatzaren 28tik 31ra izango du izena emateko aukera, betiere plaza kopurua bete ez bada.

Uda gozatzeko da; euskara, berriz, erabiltzeko eta Galdamesko Udalaren Uda Euskaraz-en egitaraua, aprobetxatzeko. Hori dela eta, Kultur Gelak udalerrira uztailean helduko zaigun abentura honetan murgiltzera animatu nahi ditu Galdamesko ume eta gazte guztiak, multiabenturako ekintzaz beteta etorriko baita. Horrela, Uda Euskarazi esker, uda honetan jolasak ez du etenik izango Galdamesen.

VIII. Gazteentzako Astea Euskaraz: uztailaren 9tik 13ra.
1996. eta 2000. urteen artean jaiotakoei zuzendua.
Multiabentura ekintzak “Gazteentzako Astea Euskaraz”-en zortzigarren edizioan.
Bost eguneko egonaldia Astitzen (Nafarroa). Bertan, multiabenturako hainbat ekintza egingo dituzte, besteak beste: mendi-ibiliak, piragua, rappela Aitzarretan edo mendi bizikleta.
Galdamesen erroldatuta daudenek berrogeita hamar euro ordainduko dituzte eta erroldatuta ez daudenek, berriz, ehun.

XII. Euskaraz Bizi: uztailaren 2tik 13ra.
2001. eta 2005. urteen artean jaiotakoei zuzendua.
Jarduera honen XII. edizioa Txabarriko aterpetxean egingo da, 10:00etatik 18:00etara.
Galdamesko Udalean erroldatuta daudenek 45 euro ordainduko dituzte. Añanako Gatz Haranera txangoak egiteaz gain, errekan zehar piraguan ibiliko dira, zaldi gainean ibiliko dira, eskalatzera joango dira eta turismo pixka bat egingo dute (Ekainberrira joango dira, esate baterako). Halaber, hainbat tailer interesgarri egingo dira, eta, horien artean, aipatzekoak dira kometena edo fantasia makillajearena.

Azken egunean, agur-festa egingo da umeak animatzeko talde batekin.
Erroldatuta ez daudenek 110 euro ordainduko dituzte.

IX. Txikientzako Astea Euskaraz: uztailaren 9tik 13ra.
Ordutegia: 16:30etik 18:30era.
2006. eta 2010. urteen artean jaiotako umeei zuzendua.
Jolasak zein tailerrak egiteaz gain, Busturiara joango dira Euskadiko Biodibertsitate Zentroa – Madariaga dorretxea bisitatzera, eta San Pedro auzoan beste hainbat ekintza egingo dituzte.

Izen-ematea:  Erroldatuta daudenak: maiatzaren 14tik 25era.
Erroldatuta ez daudenak: maiatzaren 28tik 31ra (110 EURO).
Informazio gehiago: kultura@galdames.org / 94 610 49 30