Albisteak

 

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Enkarterriko  Galdamesko ur hornidura sendotzeko proiektuaren lehenengo fasea abiarazi zuen orain dela bi urte baino gehiago.

Lanak egiteko 13 milioi euro inguruko inbertsioa egin behar izan da Zadorraren sistematik hornidura-berme bikoitza ahalbidetzeko. Aipatutako lanak amaitzear daude, horrenbestez, larunbatetik, uztailaren 1etik, aurrera orain arte itxita egon diren bi tarteak irekiko dira: Santelicez (Muskiz) eta El Cerco (Galdames) artekoa eta El Arenao eta El Castaño (Sopuerta) artekoa.

Ur Partzuergoak eraikitako azpiegitura berriak hainbat elementu osagarri ditu, hala nola, 800 milimetroko diametroa eta zazpi kilometroko luzera dituen lurpeko hodi bat (Abanto-Zierbena eta Galdames artean). Hodi hori antzinako "La Galdamesa" burdinbidearen lubakitik joango da ia osorik, ingurumen-eragina txikiagoa izan dadin.

Lanen zatirik handiena amaituta, bi urte baino gehiago iraun dutenak, ukitutako ingurunean paisaiaren integrazio-programari ekitea baino ez da falta. Jarduketa horri esker 2.800 zuhaitz eta zuhaixka baino gehiago landatuko dira, besteak beste: haritza, gaztainondoa, elorria, artadia, haltza, lizarra, zumea, zuhandorra, intsusa beltza, ereinotza, hurritza eta arbustua.

 

40.000 metro karratutan ereite hidraulikoa gauzatuz osatuko da jarduketa. Lan horiek urrian hasiko dira eta 70.000 euro inguruko inbertsioa beharko dute, baina ez diote burdinbide berdeari inolako eraginik eragingo. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eremu horretan eragindako kalteak deitoratzen ditu eta ukitutako alderdiei eskerrak eman nahi dizkie erakutsi duten prestutasunagatik.