Albisteak

 

21 eskualde bulegoak gune zuria jarri du Zallan, tresna elektrikoak eta elektronikoak jasotzeko.

Enkarterrialde Elkarteak kudeatutako Garapen iraunkorrerako ENKARTERRI@alde21 eskualde bulegoak gune zuria jarri du abian, Zallan, etxetresna txikiak eta objektu elektronikoak jasotzeko; gune horren helburua da tresna mota horiek birziklatu ahal izatea, eta, bidez batez, ingurumenari laguntzea eta Enkarterriko garapen iraunkorraren alde lanean jarraitzea.

Gune zuri berriak edukiontzi berria jarri du bizilagunen eskura, tresna erabilezin eta hondatu horiek guztiak birziklatzeko. Edukiontzia 21 eskualde bulegoaren egoitzan dago, Euskadi plazan, hain zuzen, Zalla herrigunetik gertu. Etxean tokia hartzen diguten tresna erabilezin guztiak gordetzeko, egoitza berrira joan behar dugu, asteazkenetan, 11:00etatik 13:30etara.

Gune zuri berri honek ingurumena hobetzen laguntzen du, eta enkarterrietako udalerriek garapen iraunkorraren alde lan egiteko erronka berretsi du, berriro ere. Helburua tresna horiek uztera Garbigunera joan behar ez izatea da. Modu horretara, birziklatzea errazagoa da, edukiontzia etxebizitzetatik eta aisialdi guneetatik hurbil baitago, Zallako gune nagusian, hain zuzen.

Edukiontzi zuri horretan hondatutako, erabilpenik gabeko, eta zaharkitutako etxetresna elektrikoak eta tresna elektronikoak sar daitezke; besteak beste: mikrouhinak, txigorgailuak, xurgagailuak, josteko makinak, lisaburdinak, haizagailuak, irratiak, musika kateak, bideoak, bideokamerak, berogailuak, haizagailuak, inprimagailuak, eskanerrak, teklatuak, faxa, mugikorrak eta haririk gabekoak, zulatzaileak, kontsolak eta ordenagailu eramangarriak.

Tresna horiek guztiak gure lanbideko, etxeko eta aisialdiko jarduera gehienetan erabiltzen ditugu, eta eguneroko bizitzako kalitatea hobetzeko helburua duten arren, sortzen dituzten hondakinak gizartearentzako ingurune zama handia izan daitezke, behar bezala kudeatzen ez badira, behinik behin. Gaur egun, Europako biztanle bakoitzak 20-25 kilo hondakin ekoizten ditu, urtero, eta, 2004. urtean, adibidez, 1-2 kilo berreskuratu zen, pertsona bakoitzeko.

Tresna elektrikoak eta elektronikoak edukiontzi marratua daramaten sinboloarekin identifikatzen dira, eta sinbolo horrek tresnaren gaikako bilketa gogorarazten digu, bere erabilgarritasuna amaitu denean; ondorioz, erabiltzaileari gogorarazten dio tresna hori gune zurian utzi behar duela, eta ez baimenik gabeko zabor-edukiontzietan.

Garapen iraunkorrerako 21 eskualde bulegoaren ekimenaren ondorioz, agerian utzi dira berriro ere ingurumenaren hobekuntzaren, eta, hortaz, Enkarterrietako bizilagunen bizitza kalitatearen beharra eta interesa, eta horri ematen zaion bultzada. 21 bulegoa osatzen duten zazpi udalerriek (Artzentales, Galdames, Gordexola, Karrantza, Turtzioz, Zalla eta Sopuerta) apustu egin dute edukiontzi zuriaren eta Zallako egoitzan lanean diharduen 21 bulegoaren alde.

Europako Parlamentura

Ingurumena zaintzeko kezka Europako Parlamentura iritsi da; izan ere, Europako ganberak ontzat eman zituen 2003. urtetik eguneratu gabe zeuden Europako Batzordeko arau batzuk, aldeko 580 boto, kontrako 37 boto eta 22 abstentzio lortu eta gero; bertan, helburu garrantzitsuak proposatu dituzte, hondakin elektrikoen eta elektronikoen kudeaketa hobetzeko.

Proposamenek oinarri izan dituzte hondakinak jasotzeko, birziklatzeko eta berriz erabiltzeko helburu berritzaileak, baita enpresen zama administratiboa murrizteko neurriak ere. Europako Parlamentuak eskatu du estatu kideek 2016. urtean beren herrialdean sortutako hondakinen % 85 jaso dezatela, gutxienez.

Gainera, Europar Batasuneko kideek 2012. urtean 4 kilo jaso beharko dituzte, gutxienez, pertsona bakoitzeko, edo, 2010. urtean jasotako hondakinen pisua, kopuru handiagoa badago.

Helburua da hiritarrak ohartaraztea birziklatzea osasunerako eta ingurumenerako ona dela, eta tresna horiek jasotzea garrantzitsua dela berriro erabil daitezkeen materialak berreskuratzeko.

Informazio gehiagorako, hona hemen facebook orria: ENKARTERRI Al, edo web orria www.al21.biz