Albisteak

 

Galdames udalerria aurtengo Galdames Folk jaialdiaren hamaikagarren edizioa ospatzeko prestatzen ari da. Nazioarteko jaialdia da, urtetik urtera Euskal Herritik eta musika tradizio handiko beste lurralde batzuetatik datozen folk talderik onenak biltzen baititu. Duela hamaika urte egin zen lehenengoz jaialdia, eta dagoeneko erabat finkatuta dago Euskadin. Gainera, nazioarte mailan ere ezaguna da. Enkarterriko udalerri horretako Udalak, jaialdiko egitaraua prestatzerakoan, kalitate eta ospe handiko taldeak ekartzearen alde egiten jarraitzen du, eta horretan euskal folkak ere badu bere txokoa.

Galdames Folk-en hamaikagarren edizioa urriaren 12an eta 13ean izango da San Pedro plazan, gaueko 22:00etatik aurrera. Aurrekontuan egindako murrizketek izan dute eragina jaialdian ere; dena dela, egitarau erakargarria prestatu dute. Murrizketa horiek gorabehera, Udaleko Kultura Sailak apustu sendoa egin du parte hartuko duten taldeen kalitate mailari eusteko, euskal taldeen presentzia ere kontuan hartuta. Kasu honetan, Iñaki Plaza & Band emango dio hasiera jaialdiari, Eskozia, Britainia Frantsesa eta Kanadatik iritsiko diren nazioarteko beste talde batzuen aurretik.

Galdames Folk, beraz, urriaren 12an hasiko da, gaueko 22:00etan. Euskal folk musikarekin hasiko da, Iñaki Plaza & Band taldearen eskutik, eta, gainera, bere azken lana aurkeztuko du “20 Hatz” jaialdian. Trikitilari eta perkusionista honek ibilbide luzea du musikan, eta berezko estiloa sortu du trikitixa beste musika tresna batzuekin nahastuta. Ondoren, Eskoziako Rua Macmillan-en eskutik nazioarteko soinuak entzungo ditugu ostiral gauean. Rua, Eskoziako musika tradizionalaren adierazlerik handienetarikoa da, gainera 2009 BBC irratiaren “Eskoziako musikari tradizional gaztearen” saria jaso zuen.

Ostiral gauean, 23:15ean, aurreko jaialdietan egin bezalaxe, Zilarrezko Alboka banatuko da musikaren eta kulturaren alde egindako lana eskertzeko. Aurreko urteetan, honako hauek jaso izan dute saria: Kepa Junkerak, Juan Mª Beltránek, Ibon Koteronek, Aurora Beltránek, Amaia Zubiriak, Joseba Martínek edo Jose Luis Ansorenak. Urte honetan, saria Andoni Egañarentzat izango da. Egaña euskal kultura eta hizkuntzaren bultzatzaile handia izan da beti. Zarautzen jaioa, lau aldiz irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.

Larunbatean, urriak 13, Gwennyn-ek, Britainiako musikaren zabaltzaile handiak, emango dio hasiera aurtengo Galdames Folk jaialdiari. Bere disko berria ekarriko digu, Kan An Tevenn, Franztiako kideen laguntzarekin kaleratutako disko bikaina, berrikuntza musikalez hornituta.

Nazioarteko jaialdiaren amaiera Searson taldearekin iritsiko da. Talde hori entzutetsua da Kanadako musikan egiazko aitzindarietako batzuk direlako. Taldea hiru ahizpak osatzen dute eta jotzen dituzten instrumentuen artean pianoa, organoa, biolina, gitarra eta baxua daude. 150 kontzertu egiten dituzte urtero, eta bere letra eta eszenatokiaren gainean egiten dituzten mugimenduek, ikusleak harritura uzten ditu.

Ikuskizun guztiak San Pedro plazan jarritako karpa handiaren azpian egingo dira, Enkarterriko udalerri honen udaletxearen ondoan. Horrenbestez, denbora ez da aitzakia izango Galdamesera hurbiltzeko.

XI. Nazioarteko Folk Jaialdirako sarrera doakoa izango da, eta helburua folk musika zabaltzea, Enkarterri eskualdea ezagutaraztea eta erakusleiho funtzioa egitea izango da, ez bakarrik talde euskaldunentzat, ezpada baita urrutiko beste herrialde batzuetatik datozen nazioarteko taldeentzat ere. Horren adibide da jaialdiak urtetik urtera duen harrera; izan ere, milaka eta milaka pertsona bertaratzen dira, folka gustuko duten pertsonak, Euskal Herrikoak nahiz munduko beste lurralde batzuetatik datozenak. Hamaika urtez jaialdia egin ondoren, Galdameseko Udalak ekimen honen helburu nagusienetariko bat lortu du, hots, udalerria eta Enkarterri munduko hainbat herrialdetan ezagutaraztea, eta folkak batzen dituen eta jatorri ezberdina duten milaka eta milaka pertsona Galdamesen biltzea.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Galdameseko Udaleko web gunera jo dezakezue (www.galdames.org); bestela, mezu elektronikoa bidali honako helbide honetara: galdamesfolk@hotmail.com.

Sartu ere gure facebook-en orrian: GALDAMES FOLK

Kartela

Liburuxka