Albisteak

 

Galdamesko Udalak hasi da motorrak berotzen datorren abenduaren 24an Ogi Egunaren beste edizio bat ospatzeko. Azoka hau Galdamesko Udalak antolatuko du, eta bertan ogia izango da protagonista.

Aurtengoa XXVIII. edizioa izango da, eta, beraz, Enkarterri eskualdean aski errotuta dago. Izan ere, ohitura bilakatu da eta Eguberri goizean hantxe egon behar da nahitaez.

Ogi Egunean, Galdamesko San Pedro plazan eta udaletxe alboan, hainbat artisau biltzen dira urtero, hainbat ogi mota eta produktu eratorriak egiteko: taloak, erroskillak eta euskal pastela. Bestelako artisau batzuk ere egoten dira, eta hainbeste stand jartzen dituzte zeramika, otzarak eta tailuak erakusteko.

Zalantzarik gabe, eskuz egindako ogiaren lehiaketa da ospakizun honetan ikusmin handiena sortzen duen jarduera, ogia baita eguneko izarra. Ogi Eguna hasten denetik, hots, 09:00etatik, 11:00ak arte, lehiaketan parte hartu nahi dutenek udaletxeko arkupeetan eman ahalko dute izena. Sariak arratsaldeko 13:30 - 14:00ak aldean banatuko dira. Parte hartzeko, beharrezkoa da ogia eskuz egitea eta honek kilo bat eta kilo eta erdi bitarteko pisua izatea gutxi gorabehera, eta, borobila baldin bada, hobe. Espero dugu edizio honetan ere jende askok parte hartzea, eta Galdamesen egin ohi diren 38 aleak gainditzea.

Abenduaren 24an udalerrian ibiliko diren txikienek aukera izango dute eurei zuzendutako ogia eta talori buruzko tailer batean parte hartzeko. 10:30etatik 12:00etara izango da eta umeek ogia nola egiten den ikusiko dute. Eurek ere in situ hartu ahalko dute parte oratzeko prozesuan, eta, gainera, ondoren labean nola egosten den ikusiko dute, San Pedro plazan labe bat jarriko da eta.

Goizeko 11:30etan Mari Domingui agertuko da eszenatokian eta eguerdian, 12:00ak aldean, Olentzero jaitsiko da Galdamesko mendietatik eta opari eta ezusteko mordoa ekarriko die gure lurraldeko ikazkin ezagunenari ongietorria egin nahi dioten umeei.

Gainera, goizean, 10:00 etatik 14:00 etara Galdamesko Udalak autobusa bat jarriko du jendea eramateko. Autobusak industrialdean eta "La Aceña" auzoan egongo den jendea eramango du San Pedrora aparkaleku arazorik ez egoteko.

Ohitura bat baino gehiago

Galdamesen Ogi Eguna ospatzeko ohitura hau duela urte asko hasi zen; herriko batzuek Enkarterriko ohitura bat berreskuratu nahi zuten, Eguberri egunean bertan etxean ogia egitea hain zuzen. Udalarekin batera, ekimen hau abiaraztea erabaki zuten. Gaur egun, esan dezakegu Ogi Eguna eskualdean gehien errotu den egunetako bat dela, bai eta Galdameseko garrantzitsuenetako dela ere. Gainera, ospakizun honi esker, udalerrian garai batean zeuden labeak berreskuratu dira, nahiz eta asko abandonatuta edo hondatuta zeuden.

Galdamesko Udalak guztioi luzatu nahi dizue gonbidapena, abenduaren 24 goizean udalerrira etor zaitezten eta tradizio handiko azoka honetaz goza dezazuen. Horrela, Gabonei hasiera emateko bilduko gara.