Albisteak

 
Ogi eguna, Ogi tradizioa Galdamesen o 2018ko Ogi Egunak guztira 50 stand edukiko ditu hiru eremu hauetan banatuta: “ogia eta ogi-produktuak”, “artisautza” eta produktoreak. o Udalak kartel lehiaketa antolatu du eta aurten, lehiaketa Galdamesko jendearentzat izan da. o Udalak La Aceñako aparkalekuetatik lotura-autobus zerbitzua jarriko du martxan, auto-ilarak ekiditeko. o Stand batean “Que nos quiten lo bailao” udal liburua salgai egongo da. Ogiaren azoka tradizionalak hiru hamarkada bete zituen iaz. Galdamesko Ogi Eguna, aurten, Bizkaia osorako gero eta erakargarriagoa den hitzordua izatearekin pozik agertu da. Azokaren esentzia galdu gabe eta artisau-ogia Gabon-eguneko protagonista izan dadin Galdamesen, azoka zabaldu egingo da beste urtebetez, eta hiru eremutan banatuko da. San Pedro plazan BBK-k lagatako 22 postu jarriko dira, artisau-ogia eta erroskillak edo euskal pastela bezalako ogi-produktuekin. Plazaren alboan, karpa handi baten barruan, 18 artisauk artisautza-produktuak eta larru, artile edo zeramikaren lanketa erakutsiko dizkigute. Euskaldunberri plazan, karpatik eta plaza nagusitik oso gertu, ekoizle ezberdinen 10 postu jarriko dira, eta, haietan, likoreak, hestebeteak, gozokiak, marmeladak edo pateak ez dira faltatuko. Ogi Egunak 50 postu edukiko ditu guztira, eta jada ohikoa den hitzordu honetara bertaratzen direnek aukera izango dute azken orduko erosketako egiteko, jai-giroaz gozatzeko, eta, noski, artisau-ogia etxera eramateko, Gabon-gauan afaldu eta Eguberri-egunean bazkaltzeko. Goizeko jarduerak Ogi Eguneko jarduerei dagokienez, goiza urtero bezala igaroko da. Azoka goizeko 9:00etan hasiko da, eta 11:00era arte ogiak eramateko aukera dago, lehiaketan parte hartzeko. Izen-ematea amaitzean, epaimahaia, erabakitze-lanetan hasiko da. Aurreko edizioetan bezala, ogiek 1 kg inguruko pisua eduki behar dute, eta borobil itxurakoak izan behar dira, bost puntakoak. Epaimahaiaren erabakiaren ostean, lehiaketan parte hartu duten ogiak haien jabeei itzuliko zaizkie. Sari-banaketa 13:30ean egingo da, eta, lehengo, 2018ko Ogi Egunaren kartel-lehiaketako sariak banatuko dira. Kartel irabazleak 350 euro jasoko ditu eta bigarrenak 50 euro. Egun horretan bertan beste sari batzuk banatuko dira ere, Galdamesko Gurguxa eta Sopuertako Alen kultur elkarteek antolatutako Antonio de Trueba V. Ipuin Lehiaketarenak hain zuzen. Olentzeroren etorrera Haurrek gogo biziz itxaroten dute Olentzeroren etorrera San Pedro plazara. Eguerdiko 12:00etan, Olentzero menditik jaitsiko da haren “astotxoarekin”, eta Galdamesera datozen neska-mutil guztiekin hitz egin eta gero, gozokiak banatuko ditu. Baina, lehenago, Mari Domingi azoka-barrutian egongo da Olentzeroren istorioa kontatzeko. Goizeko 11:00etan, haurrentzako tailer bat egingo da. Ogia egin ahal izango dute bertan. Azokara joateko lotura-autobusa Pasadan edizioan bezala, La Aceñako auzoan aparkaleku-zona bat jarriko da, eta lotura-autobusa ere bai, trafikoko arazoak eragozteko. Goizeko 10:00etatik arratsaldeko 15:00etara arte lotura-autobusa funtzionamenduan egongo da, azokara doazenak hartzeko edo uzteko, horrela ez dute ibilgailuak aparkatzeaz arduratu beharko. Okintzan tradizioa Galdamesek 30 urte bete ditu, eta historia honetan ogia izan da protagonista nagusia. Lagun-talde batek ekin zion herri-ekimenari, Enkarterrietako herri honetan Gabonetarako artisau-ogia egiteko tradizio handia dagoelako. Eta, haiei esker, Galdames da gaur egun ogia egiteko labe gehien eta herriko auzoetan sakabanatuta baserri zaharrak mantentzen dituen udalerrietako bat.