Albisteak

 

Galdamesko Udalak martxan jarri du doako garraio-zerbitzu berria, Enkarterriko herri
horretako bizilagunak medikuaren kontsultategira hurbiltzeko.

9 lekuko ibilgailua da, eta Galdamesko erretiratuek eta mugikortasun-arazoak dituztenek (eta horiek bakarrik) erabil dezakete doan.
Udalaren zerbitzu horren helburua da pertsona nagusiei erraztea medikuarenera joateko bidea, eta horrekin herrian zerbitzu berria ezarri eta herritarren eskaerari erantzuten zaio. Galdames sakabanatutako auzoek osatzen dute; hortaz, garraio berri horrek nagusienen bizi-kalitatea hobetuko du eta auzoak San Pedron eta San Estebanen dauden mediku-kontsultategiekin lotuko ditu.

Garraiobidea martxan dago urritik, eta zerbitzua eskatu duten pertsonentzako ordutegia 10:30etik aurrerakoa da. Galdamesko Udalak telefono-zenbakia eman du garraioa erabili nahi dutenek arduradunarekin harremanetan jarri eta zerbitzua eskatzeko.

Astelehen, asteazken eta ostiraletan San Pedron, udaletxearen behealdean, dagoen mediku-kontsultategira doa ibilgailua. Astearte eta ostegunetan, berriz, San Esteban auzora. Nahiz eta oraindik orain zerbitzu mugatua den, Galdamesko Udalaren asmoa da
zerbitzua laster zabaltzea, eskaeraren arabera eta behin San Pedro auzoko Eguneko
Zentroa abiarazita dagoenean. Harremanetarako telefono-zenbakia 673 651 532 da, baina informazio gehiago nahi dutenek Udalera deitu (94 650 41 54) edo Udalaren webgunea bisita dezakete: www.galdames.org

Bestalde, datozen asteetan beste zerbitzu batzuk abiaraziko ditu Galdamesko Udalak,
herriko bizilagunen bizi-kalitatea hobetze aldera.