Albisteak

 

 Enkarterrialdek Udaltruke proiektua martxan jarri du Garapen Iraunkorrerako Sailaren barruan
 Enkarterrietako eta Meatzaldeko 15 udalerrik parte hartzen dute proposamenean
 Administrazioan elkarlaneko kontsumoari buruz egiten den lehen proiektua da
 Udal-ondasunak udalerrien artean dohainik trukatzean datza
 Proiektu berritzaile honek dirua aurrezten lagundu eta berrerabilpena sustatuko du

Enkarterrialdek Enkarterrietako eta Meatzaldeko 15 udalerri bildu ditu administrazioan elkarlaneko kontsumoari buruz egiten den lehen proiektuan

Baliabideak optimizatzea, udalek daukatena trukatzea eta aprobetxatzea, berrerabiltzea, iraunkortasunaren gainean lan egitea eta atzeraldi ekonomiko honi ahalik eta modurik onenean aurre egitea. Enkarterrialdek xede horiek ezarri ditu, eta guztiak bilduz, Udaltruke plataforma sortu du.
Elkarlaneko kontsumoa da ekimen honen muina, eta lehenbiziko aldia da administrazio barruan horrelako proiektu bat egiten dela. Plataformak Enkarterrietako eta Meatzaldeko 15 udalerri biltzen ditu.

Zer da Udaltruke?
Udalerriek dituzten ondasunak eta materiala dohainik trukatzeko plataforma bat da. Online sare pribatu baten bidez, Enkarterrialdeko bazkide diren 15 udalerrietako langile teknikoak eta politikoak udal-jabetzako artikuluen katalogoa kontsulta dezakete, eta doan trukatu nahi dituzten produktuak edo ondasunak aukeratu.

Zer ondasun mota daude?
Katalogoan produktu ugari daude eskuragarri, udalerriek eskainitakoak beste udalerriek erabil ditzaten. Lorezaintzako, obretako, argindarreko eta kulturako artikuluak eta erremintak: motoponpak, heskai-moztekoak, musika-kioskoa, aulki eta mahai tolesgarriak, motozerrak, daratuluak, errepideetako seinaleak, esku-motosegak, hesiak, astoak, gurdiak, zabor-ontziak, erretzeko parrillak, umeen jolasetarako azpiegiturak, buruhandiak, mahai-futbolak, estalpeak eta beste hainbat artikulu erabilgarri. Bitxikeri gisa, katalogoan konfesatokiak eta paella-ontziak ere badaude.
Guztira, katalogoak 200 artikulu ditu gutxi gorabehera, eta 15 udalerriek horietako edozein har dezakete maileguan, dohainik. Horrela, dirua aurreztu eta berrerabilpena sustatzen dugu.

Zer udalerrik parte hartzen dute Udaltruken?
Abanto-Zierbena, Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Karrantza, Galdames, Gordexola, Gueñes, Lanestosa, Muskiz, Ortuella, Sopuerta, Turtzioz, Zalla eta Zierbena.

Nola funtzionatzen du Udaltrukek?
Aplikazioa Enkarterrialderen webgunearen barruan dago (www.enkarterrialde.org), eta oso erraza da erabiltzea. Udalerri bakoitzak pasahitza du aplikaziora sartzeko, eta horren bitartez, katalogoa zuzenean ikus dezake. 
Online sare pribatua denez, Enkaterrialdek kudeatzen du aplikazioa. Sistemak “Uke” izeneko “moneta” bat dauka, eta horren bidez, datuak bildu eta adierazleak eguneratzen dira. Horrela, udalek proiektuarekin zenbat diru aurreztu duten jakin dezakete.

Baliabideak optimizatzea
Horixe da Udaltrukeren eta Enkarterrialdeko Garapen Iraunkorreko Sailaren xede nagusia. Horregatik, proiektu hau landa-garapeneko elkarteak antolatzen dituen truke-merkatuetan oinarritzen da, eta elkarlaneko kontsumoko beste jarduera batzuekin batera, administrazioaren baliabideen optimizazioa sustatu nahi du.