Albisteak

 

Enkarterriko Mankomunitateak Euskararen Plan estrategiko berria onartu zuen abenduaren 18an egin zuen Batzar Orokorrean. 2013-2016 urteetarako, euskararen arloan Mankomunitateak izango dituen ildoak, lehentasunak eta egitasmoak zehazten ditu plan honek. Plan berria osatzeko orduan, garrantzi berezia eman zaio herritarren partehartzeari. Horregatik, planaren diseinua osatzeko hiru lan-saio egin dira urrian eta azaroan hainbat herritar eta herriko eragilerekin. Plan egokia diseinatzeaz gain, funtsezkoa baita herriko euskaldunak eta euskaltzaleak aktibatzea eta herritarren elkarlana bultzatzea.

Lehentasunak Enkarterriko herritarren euskararenganako sentsibilizazioa lantzea, euskaldunen kopurua handitzea eta Enkarterriko euskaldun sarea sendotzea dira.

Hau da, euskaldunen eta erdaldunen motibazioan eragiteko beharra nabarmendu da; lehenengoek hiztun izateko pausua eman dezaten - batez ere gazteen kasuan- eta bigarrenek euskararen mundura hurbil daitezen edota aldeko jarrera erakuts dezaten. Horrekin lotuta, Mankomunitateak euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak eta jarduerak bultzatzen jarraitu behar du bai eskolatik kanpo bai eskola barruan: lagun artean, kalean, euskaldun berrien artean, euskaldun zaharren artean, udaletxean, kirolean…; eta baliabideak edo erraztasunak eman ez dakitenei ere ikas dezaten.

Dena den, Euskara plana ez da plan itxia, etengabe egokitzeko sortua baizik. Hori kontuan hartuta, aurrera eramateko beharrezkoak diren egiturak sortu behar ditu Mankomunitateak. Horregatik, interesa duten eskualdeko talde eta norbanakoekin osatu nahi da Euskararen Aholku Batzordea urtarrilean. Batzordearen egiteko nagusia planaren jarraipena eta urtero-urtero kudeaketa plana osatzen laguntzea izango da.

Bada, planari buruzko zehaztasun gehiago ezagutu nahi izanez gero, urtarrilaren 31n arratsaldeko 19:00etan Zallako Kultur Etxera hurbiltzeko gonbidapena luzatu nahi die Mankomunitateak herritarrei; egun horretan egingo baita planaren aurkezpena.

Bertan, prozesuan parte hartu dutenak izango dira euren iritzia emateko eta prozesua zelan ikusi duten azaltzeko, horrekin batera eskualdeko euskaltzale batzuen testigantzak ere entzuteko aukera izango da.