Albisteak

 

Galdames prestatzen ari da urriaren amaieran Italiako gazte talde bati harrera egiteko; astebete egongo dira gure artean, hemengo hamar neska-mutilekin hainbat esperientzia bizitzeko eta kultura biak ezagutzera emateko. Gure udalerriko gazteak apirilean joan ziren Napoli ingurura, hain zuzen ere Benevento eta Cautáno herrietara, Italiako gazteen kultura, hizkuntza eta bizimodua ezagutzeko asmoz. Beraz, Galdamesko Udalak gazteentzako antolatu duen trukearen bigarren zati honetan, italiarrak beso zabalik hartuko ditugu; urriaren 30etik azaroaren 5era egongo dira hemen.

Apirilean, Aste Santuan murgilduta geundela, 18 eta 25 urte bitarteko 3 neska eta 7 mutil joan ziren Italiara. Han 16 gazte zeuzkaten zain, astebetez hainbat ekintza eta irteera egiteko. Helburua zen aipatu herrietako gazteen kultura eta eguneroko bizitza ezagutzea. Herri horietako ezaugarri nagusiak Galdamesen antzekoak dira.

Italian egon ziren bitartean, kultura, hizkuntza eta bizipenak trukatzeaz gain, leku ezagunetara joateko aukera izan zuten, hala nola Ponpeiara edo Erromara. Hortaz, orain Enkarterriko udalerri honetako gazteen txanda da; Galdamesko eta, oro har, eskualdeko kultura, tradizioak eta ohiturak erakutsi beharko dizkiete, eta, halaber, herrialde bietako bizimoduari buruzko iritziak trukatuko dituzte. Horretarako, eta italiarrak hemen gustura egon daitezen, antolatzaileak hainbat ekintza prestatzen ari dira: tailerrak, irteerak eta txangoak. Horrela, gure eskualdea gehixeago ezagutuko dute. Gainera, egun batean Bilbora joango dira eta bertan erreferentziazko lekuak bisitatuko dituzte.

Truke honetan parte hartzen duten gazteek, italiarrek zein galdamestarrek, gure udalerriko aterpetxe zaharberrituan hartuko dute ostatu 7 egun horietan. Horrela, aste osoan elkarrekin bizitzeko aukera izango dute.

Galdames udalerrian ekintza hau, trukea alegia, aski errotuta dago. Izan ere, azken urteotan Udalak gazteentzako hainbat truke antolatu ditu, besteak beste, Irlandarekin eta Estoniarekin. Truke horiek benetan arrakastatsuak izatez gain, udalerriko gazteek adierazi dutenez, oso esperientzia onak izan dira.