Albisteak

 

 

 

Gurguxa Kultur Elkarteak, Alén Elkarteak eta Galdamesko eta Sopuertako udalek laugarren urtez jarraian antolatu dute lehiaketa hau, Antonio de Trueba idazlearen omenez.

 

Galdames eta Sopuerta udalerriek IV. ipuin-lehiaketa antolatu dute, Antonio Trueba idazlearen omenez.

Idazlea Montellanon jaio zen, Galdamesen, eta Sopuertako Santa Gadean eman zuen haurtzaroa. Enkarterri eskualdearekin lotura handia zuenez, garai hartako paisaien erretratuak egin zituen, eta Enkarterriko inguruetan inspiratutako ipuin mordoa argitaratu. Hori dela eta, lehiaketa hau antolatzen hasi ziren, eta ezinbesteko baldintza da ipuinak Enkarterriko lekuren batean girotzea.

Abenduaren 04ra bitartean aurkeztu ahalko dira ipuinak, euskaraz zein gaztelaniaz. Parte-hartzaile bakoitzak nahi adina ipuin aurkeztu ahal izango du, baina bakoitza modu independentean. Gehienez ere 10 orrialdeko ipuinak izango dira: Arial 12 hizkia, tarte bikoitza eta marrazkirik gabe.

Sariak 200 eurokoak izango dira, euskarako zein gaztelaniako kategorietarako. Gainera, 100 euroko sari berezi bat egongo da, Enkarterriko partaideek idatzitako ipuin onenarentzat.

Sari-banaketa abenduaren 24an izango da, Ogi Egunean, Galdamesko San Pedro plazan. Bost kidek osatuko dute epaimahaia: Alén eta Gurguxa kultur elkarteetako 2 kidek, Galdamesko eta Sopuertako udaletako kultur arloetako 2 kidek eta kide independente batek.

Ipuinak honako helbide honetara igorri beharko dira: gurguxa@hotmail.com. Mezuan, ipuina aurkezten duen pertsonaren izena, helbidea eta harremanetarako telefono-zenbakia zehaztuko dira.

Ipuin sarituak 2018. urteko lehenengo seihilekoan argitaratuko dira, epaimahaiak aukeratzen dituen beste ipuin batzuekin batera.