Albisteak

 

Erritmo euskaldunak, zeltak eta afrikarrak Galdames Folk jaialdiaren hamargarren urteurrena ospatzeko Galdames udalerria aurtengo Galdames Folk jaialdiaren hamargarren edizioa ospatzeko prestatzen ari da.

Nazioarteko jaialdia da, urtetik urtera Euskal Herritik eta musika tradizio handiko beste lurralde batzuetatik datozen folk talderik onenak biltzen baititu. Duela hamar urte egin zen lehenengoz jaialdia, eta dagoeneko erabat finkatuta dago Euskadin. Gainera, nazioarte mailan ere ezaguna da. Enkarterriko udalerri horretako Udalak, jaialdiko egitaraua prestatzerakoan, kalitate
eta ospe handiko taldeak ekartzearen alde egiten jarraitzen du, eta horretan euskal folkak ere badu bere txokoa.

Galdames Folk-en hamargarren edizioa urriaren 14an eta 15ean izango da San Pedro plazan, gaueko 22:00etatik aurrera. Aurrekontuan egindako murrizketek izan dute eragina jaialdian ere; dena dela, egitarau erakargarria prestatu dute. Murrizketa horiek gorabehera, Udaleko Kultura Sailak apustu sendoa egin du parte hartuko duten taldeen kalitate mailari eusteko, euskal taldeen presentzia erekontuan hartuta. Kasu honetan, Xabi Aburruzagak emango dio hasiera jaialdiari, Guinea Bissau,Eskozia eta Irlandatik iritsiko diren nazioarteko beste talde batzuen aurretik.

Galdames Folk, beraz, urriaren 14an hasiko da, gaueko 22:00etan. Euskal folk musikarekin hasikoda, Xabi Aburruzaga & Band taldearen eskutik, eta, gainera, bere azken lana aurkeztuko du bizkaitarrak jaialdian. Trikitilari horrek ibilbide luzea du musikan, eta berezko estiloa sortu du trikitixa beste musika tresna batzuekin nahastuta. Ondoren, Eskoziako Skerryvore taldearen eskutik nazioarteko soinuak entzungo ditugu ostiral gauean. Talde horretako gaitek, biolinek eta soinuek
bat egingo dute funky erritmoekin eta abesti kartsuekin, taldeko abeslari nagusi Alec Dalglishen ahotsaz lagunduta.

Ostiral gauean, 23:15ean, aurreko jaialdietan egin bezalaxe, Zilarrezko Alboka banatuko da musikaren eta kulturaren alde egindako lana eskertzeko. Aurreko urteetan, honako hauek jaso izan dute saria: Kepa Junkerak, Juan Mª Beltránek, Ibon Koteronek, Aurora Beltránek, Amaia Zubiriak edo Joseba Martínek. Urte honetan, saria Jose Luis Ansorenarentzat izango da. Ansorenak Musikaren Euskal Artxiboa ERASBIL sortu zuen eta bere bizitza musikan dihardun.

Larunbatean, urriak 15, Nino Galissak, Griots familian jaiotako Guinea Bissauko gazteak, emango dio hasiera aurtengo Galdames Folk jaialdiari. Nino Galissaren tradizioak bere aita eta anaiarrebengan du jatorria. Bere musikari guztien laguntzaz, honako gai hauek jorratuko ditu kreoleraz, mandingaz, portugesez edota gaztelaniaz: gizarteko arazoak, klaseen arteko ezberdintasuna eta maitasuna eta bakea.

Nazioarteko jaialdiaren amaiera Brian Finnegan Big Band taldearekin iritsiko da. Talde hori entzutetsua da Irlandako musikan egiazko aitzindarietako batzuk direlako. Brian Finnegan txistularia da talde horretako buru, eta berak jarriko ditu erritmoa, gitarra soinuak eta musika ahalmen handia, Irlandako musikaren indarraz baliatuz, Galdames Folk jaialdia ixteko.

Ikuskizun guztiak San Pedro plazan jarritako karpa handiaren azpian egingo dira, Enkarterriko udalerri honen udaletxearen ondoan. Horrenbestez, denbora ez da aitzakia izango Galdamesera hurbiltzeko.

Gainera, larunbatean, eguerdiko 11:30etik 13:30era, udaletxeko Kultura Gelan, haurrentzako tailerrak egingo dituzte, musika tresnak egitearekin zerikusia dutenak. Nagusienentzat txalaparta tailerra emango dute 13:00etatik 14:30etara.

X. Nazioarteko Folk Jaialdirako sarrera doakoa izango da, eta helburua folk musika zabaltzea, Enkarterri eskualdea ezagutaraztea eta erakusleiho funtzioa egitea izango da, ez bakarrik talde euskaldunentzat, ezpada baita urrutiko beste herrialde batzuetatik datozen nazioarteko taldeentzat ere. Horren adibide da jaialdiak urtetik urtera duen harrera; izan ere, milaka eta milaka pertsona bertaratzen dira, folka gustuko duten pertsonak, Euskal Herrikoak nahiz munduko beste lurralde batzuetatik datozenak.
Hamar urtez jaialdia egin ondoren, Galdameseko Udalak ekimen honen helburu nagusienetariko bat lortu du, hots, udalerria eta Enkarterri munduko hainbat herrialdetan ezagutaraztea, eta folkak batzen dituen eta jatorri ezberdina duten milaka
eta milaka pertsona Galdamesen biltzea.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Galdameseko Udaleko web gunera jo dezakezue
(www.galdames.org); bestela, mezu elektronikoa bidali honako helbide honetara:
galdamesfolk@hotmail.com.
Sartu ere gure facebook-en orrian: GALDAMES FOLK