Albisteak

 

2010eko urriaren 15ean, LANDA EREMUKO EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNean, Landa
Eremuko Emakumeen Batzordeak lan-saioa izan zuen Guardian, “Parte hartu, zuk
erabakitzen duzu” leloarekin.

Ekitaldi horretan, landa eremuko hirurehun emakume baino gehiagok hartu zuten parte,
eta beren iritzia eta esperientzia eskaini zuten; hori antolatu genuenok nahi duguna da
jardunaldi horretako hausnarketak ez geratzea jardunaldi bakarreko hausnarketan soilik,
baizik eta zabalkundea ematea eta ahalik eta pertsona, erakunde eta entitate gehienei helaraztea.

Hori dela eta, agiri hau landu da, emakumeek emakume-elkarteetan, nekazarien
sindikatuetan, profesionalen elkarteetan eta politikaren esparruan duten partaidetza
aztertu zuten lantaldeen hausnarketa nagusiak bilduz.

Helburua, hemendik aurrera, “Guardiako Adierazpena” izena jarri diogun testu honi
ahalik eta zabalkunderik handiena ematea da.

Guardian, 2010eko urriaren 15ean, landa eremuko ehunka emakumeren hausnarketen
ondoren, honako hau baiezta dezakegu:

· Landa eremuko emakumeok ez dugu parte hartzen gizonen baldintza beretan
landa eremuan erabakiak hartzen diren esparruetan; eta desberdintasun horiek
handiagoak dira postuek aintzatespen handiagoa dutenean.

· Berdintasunez parte hartzeko aurkitzen dugun oztopo nagusietako bat
erantzukizun partekaturik eza da: zaintza-lanak ez partekatzea (bai umeenak eta
bai adineko pertsonenak edo/eta menpekotasuna dutenenak). Zaintzari balioa
eman behar zaio, eta denok ikasi behar dugu egiten, balioa eman behar diogu,
eta partekatu egin behar dugu.

· Erabakiak hartzeko postuetan emakumeok zalantzan jartzen gaituztela sentitzen
dugu oraindik, gure lekua ez balitz bezala eta egin ezin bagenu bezala; geure
burua justifikatu beharra daukagula eta gaitasuna gizonek baino gehiago erakutsi
behar dugula ematen du. Hori dela eta, emakumeen eta gizonen arteko egiazko
berdintasunerantz jotzeko, aldez aurretik pentsatutako ideia horiek gainditu egin
behar dira, eta egiten dugun lanari eta ekarpen guztiari balioa eman; gainera,
gure esperientziak ikuspuntu eta aukera berriak eman ditzake, eta orain arte
proposatu diren ikuspuntuez bestelako aukerak.

· Zenbait postutan parte hartzeko, emakumeok, askotan, gure bizitzako aukera
garrantzitsuak baztertu edo atzeratu behar izaten ditugu: adibidez, amatasuna.
Oztopo horiek gainditu egin behar dira.

· Erabakigune horietan parte hartzea gizonen beharretatik abiatuta antolatu da
(bileren ordutegiak, etab.). Hori dela eta, ez garela antolamendu horretara
moldatu behar uste dugu, baizik eta emakumeen eta gizonen beharrak aintzat
hartuko dituzten lana egiteko modu berriak ezarri behar direla.

· Emakumeen jabekuntza pertsonala eta kolektiboa ezinbesteko estrategia da,
berdintasunerantz jotzeko.Garrantzitsua da berdintasunean hezten jarraitzea.

· Gizonak berdintasunean hezi behar dira.

· Belaunaldi berriek kezkatu egiten gaituzte, eta arlo horretan lana egin behar
dugu, berdintasun faltsu baten ustean besoak uztartuta gera ez daitezen.

Hausnarketa horiek bide bati ekiten laguntzea espero dugu,
gure etorkizuna erabakitzen den guneetan denok baldintza berberetan egon gaitezen.

Adiera zaitez!: http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net