Albisteak

 

Kzgunean izango den ikastaroa irekita dago teknologia berriak lehen aldiz erabili nahi dituen edonorentzat.

Galdameseko Udalaren Gazteria Sailak martxorako prestatu du ikastaroa, teknologia berrien munduan murgildu eta ordenagailuari zein interneti buruzko oinarrizko kontzeptuak ezagutu nahi dituztenentzat.
Edozeinentzat prestatutako ikastaroa martxoan hasiko da, datak oraindik zehazteko badaude ere. Astean bitan emango da arratsaldez, Galdameseko udaletxean dagoen Kultur Etxeko Kzgunean.

Orain dela aste batzuk izena emateko epea zabaldu zenetik izandako arrakasta dela eta, ikastaroa txanda bitan egingo da. Lehena, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara eta hurrengoa 18:00etatik 20:00etara.
Ikastaroa doanekoa da eta izena emateko epea otsailaren 10ean amaituko da. Dena den, lekuak betetzen badira, parte hartu nahi dutenak Gazteria Sailarekin jar daitezke harremanetan aurrerago egin litezkeen ezaugarri hauetako ikastaroetarako.

Ikastaroa KZguneko begirale batek emango du eta Galdameseko bizilagunak teknologia berrietara hurbiltzea du helburu. Horretarako, informazio praktikoa emango du ordenagailua erabiltzearen, interneten munduaren eta tresna berri hauek eskaintzen dizkiguten abantailen eta aukeren inguruan.

Ikastaroaren maila oinarrizkoa da, baina parte hartzen dutenek eskatuz gero, laster abiatu ahal izango da maila aurreratuagoa izango duen beste ikastaro bat.
Galdameseko Udalaren ekimen honek 2012 honetarako udalerriak duen kultur programazioko ekintza ezberdinak osatzen ditu.

Udalerriko bestelako kultur ekintzak

Galdameseko Udala bere inauteriak ospatzeko prestatzen ari da egunotan. Udalaren Kultur Etxean jarduera ezberdinak prestatu dira otsailak 21erako, astearte arratsalderako. Jai honetan parte hartu nahi dutenek arratsalde osoan egin ahal izango dute, 17:00etan hasita. Makilatzeko tailerrarekin abiatuko da hitzordua, Plis Plas taldeak alaitutako umeentzako berbenarekin segitzeko 18:00etan. Gero, askaria eta txokolatada handia izango da 19:15etan inauterietako asteartean Kultur Etxera hurbiltzen direnentzat.

Bestalde, Udala buru-belarri ari da datorren martxoan helduko den Udaberria Euskarazen programazioan.  Hiru eta hamaika urte arteko umeentzako tailerrak, ludoteka, jarduera bereziak eta irteerak izango dira urtero bezala udaberrian datorren programa hau osatuko dutenak. Helburua udalerriko umeen artean euskararen erabilera kultur jardueren bitartez sustatzea da. Izena emateko epea laster zabalduko da. Aurtengo Udaberria Euskaraz martxoaren hiruan hasi eta ekainean amaituko da.