Albisteak

 

 

 

"EMAN GILTZA|¡HÁBLALE, ESCÚCHALE!" EUSKARA FAMILIA BIDEZ TRANSMITITZEKO KANPAINA  

Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Alkarbide bilguneak koordinatutako eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako "Eman Giltza - ¡Háblale, escúchale! kanpainarekin bat egin du. Kanpainaren xedea euskara ingurune hurbilean transmititzeak duen garrantzia nabarmentzea da.

Horretarako, Mankomunitateak irailean gutun bat banatu die 2014ko lehenengo seihilekoan jaio diren umeen gurasoei eta urtarrilean banatuko die bigarren seihilekoan jaiotakoei. Gutuna Mankomunitateko presidenteak sinatzen du eta seme-alabak elebitasunean heztera animatzen du. Horretaz gain, kanpainaren gakoa den web orri bati buruzko informazioa ere ematen du: www.emangiltza.com. Web guneak gurasoentzat transmisioa bermatzeko giltza izango diren aholkuak, tresnak eta baliabideak batzen ditu. Gainera, hainbat gurasoren testigantzak ere sartu dira beste guraso batzuek izan ditzaketen kezka, beldur edota bestelako zalantzak argitze eta uxatze aldera.

Horrekin batera, KU-KU liburuxka eta CD bat banatu da. Liburuxkaren helburua gurasoei umeekin euskaraz aritzeko baliabideak eskaintzea da. Liburuxkaren hasieran, umearen hizkuntza trebetasunaren garapen prozesua azaltzen da eta seme-alabak eleaniztasunean hezteak sortzen dituen hamaika kezkaren eta galderaren erantzunak jasotzen dira; jarraian, hiztegi laburra agertzen da, hainbat ataletan bereizita. Ondoren, umeekin berba egiterakoan egiten ditugun akats ohikoenak zelan zuzendu behar diren jaso da; eta amaiera aldean, zuen seme-alabekin gozatzeko jolasak eta abestiak aurkituko dituzue. Aurten, lehenengo aldiz digitalizatu da liburuxkaren edukia, besteak beste, gurasook ariketak egin ahal izateko, jolasak zelan egin behar diren ikusteko...; eta, bestetik, umeek euskaraz jolasteko hainbat joko sortu dira ordenagailuan bertan jolas dezaten. Hau osatzeko, Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak gurasoentzat baliagarriak izan daitezkeen web orri eta hainbat materialaren zerrenda gehitu du.

Material osagarri gisa autoan jartzeko pegatinak ere banatu dira. Pegatinak umeak autoan doazela ohartarazteko diseinatu dira. Pegatinetan ageri den leloa "eman euskara" da eta bertan ere webgunearen aipamena egiten da. Euskarri honi esker, kanpainaren hartzaileak ez direnengana ere heldu nahi da, erabiltzaileei esker kalean gainontzekoek ikusi ahal izango dutelako.