Albisteak

 

"EMAN GILTZA|¡HÁBLALE, ESCÚCHALE!" EUSKARA FAMILIA BIDEZ TRANSMITITZEKO KANPAINA  

Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Alkarbide bilguneak koordinatutako eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako “Eman Giltza - ¡Háblale, escúchale! kanpainarekin bat egin du. Kanpainaren xedea euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia nabarmentzea da.
Horretarako, Mankomunitateak abuztuan gutun bat banatu die 2013ko lehenengo seihilekoan jaio diren umeen gurasoei eta urtarrilean banatuko die bigarren seihilekoan jaiotakoei. Gutunak presidenteak sinatzen du eta seme-alabak elebitasunean heztera animatzen du. Horretaz gain kanpainaren gakoa den web orri bati buruzko informazioa ere ematen du: www.emangiltza.com. Web guneak gurasoentzat transmisioa bermatzeko giltza izango diren aholkuak, tresnak eta baliabideak batzen ditu. Gainera hainbat gurasoren testigantzak ere sartu dira beste guraso batzuek izan ditzaketen kezka, beldur edota bestelako zalantzak argitze eta uxatze aldera.

Horrekin batera, KU-KU liburuxka eta CD bat banatu da. Liburuxkaren helburua gurasoei umeekin euskaraz aritzeko baliabideak eskaintzea da. Izan ere, bertan, gurasoek euren seme-alabekin hitz egiteko oinarrizko euskarazko hitzak eta esamoldeak batzen dira, baita umeentzako abestiak ere.
Material osagarri gisa autoan jartzeko pegatinak ere banatu eta banatuko dira. Pegatinak umeak autoan doazela ohartarazteko diseinatu dira. Pegatinetan ageri den leloa “eman euskara” da eta bertan ere webgunearen aipamena egiten da. Euskarri honi esker, kanpainaren hartzaileak ez direnengana ere heldu nahi da, erabiltzaileei esker kalean gainontzekoek ikusi ahal izango dutelako.
Gainera, aurten ikasturte hasierarekin batera, ETB2n egitasmoa ezagutzera emateko eta transmisioa sustatzeko iragarkia ere ikusi ahal izango da.
Iragarkia ikusteko: http://vimeo.com/76408756