Albisteak

 

"Udazkena Euskaraz" Galdamesen

Joan den azaroaren 9an hasi zen "Udazkena Euskaraz"-en edizio berria, Galdamesko Udaleko Kultura Gelak antolatuta, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuaren eta Aisilan Kultur Elkartearen laguntzarekin.

Programaren helburua da udalerriko haurrei euskaraz egingo diren hainbat jarduera eskaintzea. Hilaren 9an (larunbata) hasi zen, txikienentzako ludotekarekin eta gainontzekoentzako lantegiekin.

Izan ere, abendura arte iraungo duen programazioaren baitan ludoteka eta lantegiak daude haurren adinaren arabera.

Alde batetik, 2007tik 2010era bitartean jaiotakoek ludotekaz goza dezakete, eta 2002tik 2006ra bitartean jaiotakoek, berriz, zenbait lantegi egin ditzakete udaletxeko Kultura Gelan.

Jarduerak aisialdiko begirale euskaldunek gainbegiratzen dituzte, eta, gainera, egun hauetarako beste zenbait lantegi programatu dira, besteak beste, birziklatze lantegia, kultura aniztasunekoa, Olentzerori gutunak bidaltzekoa edo sukaldaritzakoa.

Jarduerak honako egun hauetarako antolatuta daude: azaroaren 9a, 16a, 23a eta 30a eta abenduaren 7a eta 14a, 17:30etik 19:30era.

Gainera, Udalak hainbat ekintza berezi antolatu ditu udazken honetako umeentzako programazioaren barruan. Abenduaren 14an helduek multiabentura irteera egingo dute Erandioko KNS Ocio y Aventura zentrora. Bertan, multiabentura jarduerak -eskalada edo tirolina esate baterako- egingo dituzte estalpean. Izena ematen dutenak 16:00etan aterako dira San Pedro plazatik.

Eta abenduaren 3an izango den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Galdamesko Udalak azaroaren 30ean ospatuko du egun hori. Horretarako, antzezlan bat egingo da 17:30ean, Eneko Etxebarrieta bidaiariak bizikletaz munduari bira eman ondoren bizitako esperientzian oinarrituta. Antzezlan horretan, musikaren eta irudien bitartez, Enekok "Faustina" bizikletarekin bisitatu dituen lekuak deskribatzen dira.
Ondoren, publiko guztiari zuzenduta, haur zein helduei, "Mundua hurbilduz" izeneko hitzaldi entretenigarria emango dute biek, munduari bira ematean bizi izandako esperientziei buruz hitz egiteko. Jarduera horiek euskaraz izango dira.