Albisteak

 

Apaizac Obeto Galdamesa iritsi da

Espedizioari buruzko hitzaldia apirilaren 21ean izango da eta Mikel Leozek emango du.

Apaizac Obeto espedizioa datorren apirilaren 21ean, arratsaldeko 18:00etan, iritsiko da Galdamesko Udaleko bilkura aretora.  Espedizioko eta Pasaiako Albaola elkarteko kide Mikel Leoz arduratuko da hitzaldia emateaz. Bertan, euskal baleontziek XVI eta XVII. mendeetan Kanadako Ipar Atlantikoan izandako bizipenak ekarriko dira gogora, Beothuk ontzian bizitako abenturak. Ontzi horrekin zeharkatu zituzten, hain zuzen, historiaz beteta dauden irlak, baleak ibiltzen ziren lekuak, herri amerindiarrak eta euskaldunak bertan egon zirela gogorarazten duten lekuak.

Ekintza hau Galdamesko Udaleko Kultur Gelak antolatu du Udaberria Euskaraz egitarauaren baitan, eta Enkarterriko udalerri honetako umeei zuzenduta dago. Hitzaldian, historia eta abentura tartekatuko dira, XVI. mendera itzuliz, hain zuzen, euskaldunek Kanadako kostetan baleak eta bakailaoa arrantzatzeko milaka milia egiten zituzten garaira. Milaka euskal arrantzale joaten ziren urtero Nouvell Biscay (Bizkaia Berria) izena hartu zuten lur haietara, Mundu Berriko ur hotzetan arrantzatzeko.

Hitzaldiaren izena antzinako kondaira bati zor zaio; horren arabera, baleontzietan joaten ziren euskaldunek “zer moduz?” galderari “Apaizac obeto” erantzuten erakutsi zieten indigenei. Hitz horiek eman diote izena, beraz, duela urte batzuk sei euskaldunek eta Ternuako indigena batek euren herrien historia eta iragana aurkitzeko asmoz hasi zuten espedizioari.

Dokumentalaren protagonista Beothuk da, Labradorreko uretan aurkitutako baleontzi zaharrenaren erreplika. Pasaiako Albaola elkarteak arrantzale haien historia berreskuratze aldera egindako
ahaleginari esker lortu da sei euskaldunak eta indigena txalupara igotzea eta 41 egunez 2.000 kilometro egitea. Bidaia arkeologiko honen bitartez, ahaztuta zirudien historiako alderdi asko ateratzen dira argitara dokumentalean, hala nola, baleen lehenengo industria, euskararen eragina, Ipar Amerikako natiboekin izandako harremanak eta arrantzaleen eguneroko bizitza espedizioetan.
Hitzaldia Galdamesko Udaleko Udaberria Euskaraz programaren ekimena den arren, nahi duten guztiei zuzenduta dago.

Abesbatza kontzertuak San Pedron

Larunbat honetan (apirilak 21) BBKren Abesbatza Kontzertuen XXXIII. edizioa izango da San Pedro elizan, arratsaldeko 20:00etan. Oraingoan, Urduñako Abesbatza Elkarteak, Etxebarriko Donestebe Abesbatzak (Etxebarri) eta Zierbenako Berdantza Abesbatzak (Zierbena) hartuko dute parte. Hona hemen, bada, Galdamesko Udalak asteburu honetarako antolatu duen beste proposamen bat.