Albisteak

 

Koronabirusaren pandemiaren ondorioz geldirik egon ostean, Galdamesko Udalak hainbat udal‐ikastaro eskainiko ditu urritik aurrera, eta guzti‐guztietan bermatuko du osasun‐neurriak behar bezala betetzen direla.

Pixkanaka udalerriko kultura‐bizitza berreskuratzen haste aldera, Enkarterriko udal horrek ohiko ikastaroak berriro eskaintzea erabaki du, salbuespen bat edo besterekin. Hain zuzen, haurrentzako musika‐ikastaroa ezingo da egin oraingoz, osasun‐gomendioak direla medio, baina gainerako ikastaro guztiak eskainiko dira, herritarrek izena eman dezaten: yoga, pilates, zumba, eskulanak, zaharberritze‐lanak eta joskintza.

Bestetik, aurten, “Kafe bat hartuko dugu?” proiektuan parte hartu duten pertsonen eskaerari erantzunez, ikastaro berri bat eskainiko da: mantentzeko gimnasia. Goizez izango da, astean behin. Ikastaroetan izena emateko epea urriaren 1etik 18ra bitartekoa izango da, eta lehentasuna izango dute udalerrian erroldatuta daudenek.

Eskaria handiagoa bada eskainitako plazen kopurua baino, zozketa egingo da urriaren 9an, ikastaroek gehienez 10 parte‐hartzaile izan baititzakete.

Behin betiko zerrenda urriaren 13an argitaratuko da, eta ikastaroak urriaren 19an hasiko dira. Ikastaroak eskaini aurretik, herritarren segurtasuna bermatze aldera, Galdamesko Udalak Covid‐19aren aurkako kontingentzia‐plan bat egin du. Bertan jasota dago Galdamesko udal‐ikastaroak nola gauzatuko diren.