Albisteak

 

Galdamesko Udalak Atxuriaga auzoko plaza itxi du; izan ere, aurreko asteburuan istiluak eta trafiko‐arazoak sortu ziren bertan, Galdamesko auzo horren ondoan dagoen Atxuriaga aisialdigunera gerturatu zen jendetzagatik.

Neurri horrek indarrean jarraituko du gure lurraldean alarma‐egoerak jarraitzen duen bitartean. Auzokoek bakarrik izango dute plazara sartzeko aukera, ibilgailuen joan‐etorria saihesteko helburuarekin.

Horretarako, Udalak disuasio‐hesiak eta kartelak jarri ditu. Kartel horietan, berariaz adierazten da plaza itxita egongo dela osasun‐krisiak iraun bitartean, auzokoentzat izan ezik. Normaltasunera itzultzen garenean, eta auzokoekin bildu ondoren, mutiloiak jarriko dira zubitik Atxuriagara sartzeko bidean, aparkalekua soilik auzokoek erabili ahal izan dezaten.

Bestetik, egun hauetan foru‐eskumeneko Atxuriaga aisialdi‐gunera joaten direnek bete egin beharko dute Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko parke guztientzat ezarri duen araudia. Aipatzekoa da, besteak beste, debekatuta dagoela aisialdi‐guneetan motor bidezko edozein ibilgailurekin zirkulatzea, kanpatzea, barbakoetatik kanpo sua piztea eta barbakoa eramangarriak erabiltzea, txakurrak solte izatea eta 14 urtetik gorakoek haurrentzako jolasak erabiltzea.

Udalak azpimarratu nahi du garrantzitsua dela udalerriko parkeak gizalegez erabiltzea; izan ere, Atxuriagaz gain, Galdamesen beste aisialdi‐gune bat ere badugu: Aguas Juntas. Azken hori udal titulartasunekoa da, eta debekatuta dago bertan barbakoak egitea, hala parkean bertan dauden barbakoetan nola barbakoa eramangarriak erabiliz.

Neurri horien bidez, Enkarterriko udal honek arindu egin nahi ditu aurreko asteburuan Galdamesen, eta zehazki Atxuriaga auzoan, sortu ziren istiluak, jende gehiegi elkartu baitzen aisialdi‐gune horretan.

Raquel Larruskain alkateak esan duen moduan, “badakigu aurreko asteburuan Galdamesera etorri ziren pertsonen artean oso gutxi izan zirela auzokoekin bizikidetza‐arazoak izan zituztenak, baina Udaleko kideok Atxuriaga auzoan bizi direnen segurtasuna bermatu behar dugu. Ezin dugu ahaztu alarma‐egoeran gaudela, baita osasun‐krisiaren erdian ere, eta joan den larunbatean hainbeste pertsona parkera joateak ekarritako trafiko‐arazoak handiegiak izan ziren; horrez gain, batzuek gizalegearen aurkako jokabidea izan zuten, parkea baldintza txarretan utzi baitzuten. Gainera, bizilagun batzuekin liskarrak izan zituzten, eta azken horiek errespetu‐faltak jasan behar izan zituzten euren etxeetan. 800 biztanleko udalerria gara, Udaltzaingorik gabea, eta horrek zaildu egiten du horrelako egoerak kontrolatzea. Udala eta herritarrak pozik gaude Galdamesen gozatuko duten bisitariak jasotzearekin, baina ez baldintza horietan. Beraz, alarma‐egoerak irauten duen bitartean, Atxuriaga auzoko plaza ixtea erabaki dugu. Hala ere, nabarmendu behar da parkea irekita dagoela etorri nahi dutenentzat, betiere Aldundiak ezarritako neurriak betetzen badituzte”.