Albisteak

 

Galdamesko Ogi Egunak berrikuntza handiak aurkeztuko ditu aurten. Horien berri eman da gaur goizean bertan, Aitor Elizegiren Txocook jatetxean, Bilbon.

Galdamesko alkate Asier Larruceak, kultura saileko zinegotzi Nagore Orellak eta Aitor Elizegi sukaldariak berak prentsaurrekoan azaldu dituzte aurtengo ogiaren azokaren berrikuntzak. Halaber, OGIGUNEren irudi berria eta azoka tradizionala Basque Bread Festivalarekin lotuko duen etorkizuneko proiektua aurkeztu dituzte.

Hiru hamarkada betetzear da Ogi Eguna, eta aurten proposamen berritzaileagoak bilduko ditu; horiei esker, abenduren 24ko hitzordua are erakargarriagoa izango da Bizkaia osorako.

Gainera, Basque Bread Festivala inauguratuko da. Galdamesko Udalak ilusio handiz ekin dio proiektuari, Aitor Elizegi sukaldariaren eskutik. Ogigune eremu berria izango da, Ogi Eguna, artisau-ogia eta ama orea ezinbesteko elementu gisa bilduko dituen marka berria. Proiektua 2017an jarriko da martxan, baina aurtengo Ogi Egunean egongo diren aldaketekin batera oratu da.

Hortaz, Ogigune Ogi Eguna, Basque Bread Festivala eta proiektu berria bilduko dituen kontzeptua izango da, non kalitatea, jatorria eta gonbidatutako produktuaren artisautza gailenduko baitiren.

Stand gehiago

Aurtengo berrikuntzetako bat azoka handitzea izango da, betiere azokaren mamia galdu gabe eta artisau-ogia Gabon-egun goizeko protagonista izateko helburuari eutsiz. Azokaren erdigunea San Pedro plaza izango da eta bertan BBK-k lagatako 24 postu jarriko dira artisau-ogiarekin eta eratorriekin (hala nola erroskillak eta euskal pastela).

Plazaren ondoan karpa handi bat jarriko da, artisautzako 15 posturekin. Horietan, artisautza eta larrugintza, bitxiak, artilea edo zeramika aurkitu ahal izango ditugu, besteak beste.

Berrikuntza gisa, Euskaldunberri plazan Basque Festivaleko hainbat ekoizleren 15 postu jarriko dira; bertan, txakolina, likoreak, txarkuteria-produktuak, gozokiak, marmeladak edo pateak eta kontserbak egongo dira.

Aurten, guztira, 54 stand jarriko dira Ogi Egunean. Bertaratzen direnek azken orduko erosketak egin ahal izango dituzte, eta jai-giroaz gozatzeaz gain, Gabon-gauko afarirako artisau-ogia eramango dute etxera, noski.

Stand solidarioa

2016ko Ogi Egunaren berrikuntzetako beste bat Galdamesko Udalak jarriko duen stand solidarioa izango da. Bertaratzen direnek Galdamesko oroigarri bat hartu ahal izango dute ekarpen ekonomiko sinboliko baten truke. Standean Udaleko politikariak eta udalerriko elkarteetako kideak egongo dira.

Biltzen den diruarekin materiala erosiko da Boliviako Cochabamba de Pacata komunitateko haur-eskolarako.

Goizeko jarduerak

Ogi Eguneko jarduerei dagokienez, goiza urtero bezala igaroko da. Azoka 09:00etan hasiko da eta ordutik 11:00ak arte lehiaketarako ogiak aurkeztu ahal izango dira. Izen-ematea amaitzen denean, epaimahaiak erabakia hartzeko eztabaidari ekingo dio. Aurreko edizioetan bezala, ogiek 1 kg-ko pisua izango dute eta borobilak izango dira, bost puntarekin.

Epaimahai prestigiotsua

Edizio honetan, Udalak hiru pertsona ezagun aukeratu ditu ogia dastatzeko: Aitor Elizegi sukaldariak (Bilboko Bascook eta Txocook jatetxeak), José Angel Aranak (Galdamesko okina) eta Aimar San Miguel gazteak (Masterchef Junior) osatuko dute aurten epaimahaia.

Hirurek dute ibilbide handia gastronomiaren munduan eta antolakuntzak haiek hautatu ditu ogi lehiaketa fidelizatzeko. Gainera, aurten, lehen aldiz, sariak ez dira eskudirutan emango; Enkarterriko eskualdeko produktuz betetako saskiak banatuko dira, gure tokiko produktuari balioa emateko.

Epaimahaiak erabakia hartu ondoren, ogiak lehiaketako parte hartzaileei itzuliko zaizkie.

Sari banaketa 13:30ean izango da, eta sari nagusiak banatu ondoren, 2016ko Ogi Egunaren kartel lehiaketako sariak emango dira. Trapagarango Amaia Ballesterosek jasoko du lehen saria, eta Galdamesko Maitane Morenok bertako accesita.

Egun berean, III. Antonio Trueba ipuin lehiaketako sariak banatuko dira. Lehiaketa Galdamesko Gurguxa eta Sopuertako Alén kultura elkarteek antolatzen dute.

Badator Olentzero

Haurrek berebiziko garrantzia dute Ogi Egunean. Eguerdiko 12:00etan, Olentzero menditik jaitsiko da bere astotxoarekin. Galdamesera etortzen diren haur guztiekin hitz egingo du eta gozokiak banatuko dizkie. Hori baino lehen, Mari Domingi bertaratuko da azokara, Olentzeroren istorioa kontatzera.

Martxan jartzen hasteko, goizeko 11:00etan haurrentzako bi tailer egongo dira: batean taloa egingo da, eta bestean, ogia. Azken hori Enkarterriko Mankomunitateak babestu du.

Aurreko edizioan bezala, aparkatzeko eremu bat egokituko da Galdamesko San Pedro plazara bertaratzen direnentzat, autoak uzteko arazorik egon ez dadin.

Okin tradizioa

Galdamesek azokaren 29. edizioa ospatuko du aurten, eta hiru hamarkada beteko ditu aurki. 30 urteko historia, non ogia izan baiten protagonista. Izan ere, Enkarterriko herri honek tradizio handia du Gabonak ospatzeko artisau-ogia egiten. Horrela sortu zen Ogi Eguna, eta horregatik, gaur egun, Galdames da eskualdeko hainbat auzotan dauden baserri zaharren alboan ogi-labe gehien mantentzen udalerrietako bat.