Albisteak

 

Galdames herria motorrak berotzen ari da udari harrera egiteko; izan ere, udarekin batera dator “Uda Euskaraz 2011” berria. Oraindik ez dira amaitu herriko txikienentzat antolatutako
udaberriko kultur ekintzak, baina aurtengo udalekuetan izena emateko epea zabalik dago jada, eta datorren maiatzaren 20ra arte, herrian erroldatutako pertsonentzat. Herrian erroldaturik ez daudenek gerora edukiko dute izena emateko aukera, libre geratutako lekuak betetze aldera.
Aurtengo “Uda Euskaraz” edizioa jardueraz, irteeraz eta aisialdiko ekintzez beterik dator.

“Uda euskaraz”-en helburua euskara Galdamesko gazteen artean sustatzea da, behin
ikastetxeetako eskolak amaituta. Horrela, gure hizkuntza kalera aterako da; izan ere,
programaturiko jarduera guztien ardatz nagusia da.

Galdamesko udalekuak tradizio bihurtu dira herrian, eta bi eta hamasei urte bitarteko ume nahiz gazteak bilduko dituzte, adinaren arabera antolatutako hiru jarduera-taldetan banaturik.

Alde batetik, 1995 eta 1999 artean jaiotakoentzat hainbat abentura-jarduera egingo dituzte,
uztailaren 11tik 15era doan astean, "Gazteentzako Asteak Euskaraz"-en zazpigarren edizioaren baitan. Besteak beste, Astitzen (Nafarroa) lau eguneko egonaldia dago aurreikusita, non era guztietako abentura-jarduerak egingo baitituzte: zuhaitzetatik ibili, espeleoloabentura... azken egunean, bestalde, ur-jarduerak egingo dituzte Gorlizen, hala nola, snorkell eta piraguak.
Galdamesen erroldatutako pertsonek berrogeita hamar euro ordaindu behar dituzte, eta
erroldatuta ez daudenek ehun euro.

Beste alde batetik, “Euskaraz Bizi – Txabarri 2011” 2000 eta 2004aren artean jaiotako
gazteentzako udalekuak dira. Aurtengoa XI. edizioa da, eta Txabarriko aterpetxean egingo da, urtero bezala, 10:00ak eta 18:00ak artean. Prezioa 45 eurokoa da Galdamesen erroldatuta daudenentzat, eta jokoak, magia-tailerrak, hip-hopa… egingo dira. Gainera, Donostiara, Dimara (espeleologia egitera), Pagoetako parkera eta Sobronera (hainbat abentura-jarduera egitera) irteerak egingo dira. Aurtengo udalekuak uztailaren 5 eta 15aren artean egingo dira, eta azken egunean agur esateko jaialdia antolatuko da umeen animaziorako talde batekin.

Era berean, Galdamesko txikienek “Uda Euskaraz” ekimenean parte hartu ahal izango dute.
“Txikientzako Astea Euskaraz” uztailaren 11tik 15era egingo da arratsaldeko 16:30etik 18:30era.
2005 eta 2009 artean jaiotako umeei begira antolatu da, eta doakoa izango da bertaratzen
direnentzat. Besteak beste, jokoak, ludotekak, tailerrak eta ipuin-kontalariak egongo dira, bai eta irteera bat Getxoko aquariumera eta San Pedro auzoan egingo diren beste jarduera berezi batzuk ere.

“Uda Euskaraz”-en edizio berri honetan parte hartu nahi duen pertsona orok maiatzaren 20a baino lehenago eman behar du izena Galdamesko Udaleko Kultur Aretoan. Informazio gehiago ere eska daiteke galdames@euskalnet.net  helbide elektronikora idatzita edo 94 610 49 30 telefonora deituta. Herrian erroldatuta egon ez arren udalekuetan parte hartu nahi dutentzako prezioa honako hau da: 100 euro.